Orain bai! Berri bi zuentzat!

Kaixo lagunok!!! ⚡🤸‍♂

Heldu da eguna, behingoz kontatu ahal dizkizuegu ditugun bi berriak! Aurretiz abisatzen dizuegu bat ona dela eta bestea ez hainbeste… 😫

Batetik, Bilbon eskaini behar genuen kontzertua momentuz bertan behera utzi behar dugu, ez dugulako aretorik aurkitzen libre ditugun datetarako. 🤯

Horrela ba, inor zorabiatzen ibili aurretik eta pena izugarriz, Bilbon ez dugu aurreikusitako kontzerturik eskainiko. Beraz, Bilboko sarrerak erosi zenituztenoi mezu bana bidaliko dizuegu, sarreren dirua nola itzuliko dizuegun azaltzeko. Baina ez arduratu, aurten Bilbon egongo gara, uste baino arinago gainera! 😉

Bestetik, Gernikako kontzerturako badugu data berria (lekua betikoa, Astran): apirilak 23, larunbata. Kontzertu oso berezia izango da, kriston gogoak ditugu bertan egoteko!!! 💘

Hala ere, kontutan hartu Gernikako kontzerturako aforoa handitu ahal izango dugula (gaur gaurkoz) eta sarrera gehiago jarriko ditugula apirilaren 23rako salgai. Dena dela, Gernikako kontzerturako sarrerak erosi baina egun horretan joan ezin duzuenoi ere, dirua itzultzeko aukera emango dizuegu, nola ez.

Email bana jasoko duzue denok horren berri izateko, ez arduratu.

💟 Eskerrik asko zuen pazientziagatik! 💟

Bueltan gara!

Bi urte luze eta gogor egin zaizkigu zuek ikusi barik. Taula gain bat zapaldu barik. Elkarrekin dantzatu eta kantatu barik. Zuen irribarrea, kantu ozena eta lagunarteko besarkada horiek sentitu barik. Ardura eta erantzukizunagatik, oxabitarrak kontziente izan gara gu izan behar ginela agertoki batera igotzen azkenak. Baina ezin dugu gehiago…

Horregatik, bakoitzaren eta guztion osasuna denaren gainetik jarrita bada ere, zuekin elkartzeko gogo bizi hori bueltan ekarri nahi genuen urtea amaitu aurretik. Nahi eta egin: abenduan hiru kontzertu eskainiko ditugu Bizkai aldean, erromeriak bueltan direla ozen oihukatu eta guztion irribarreak inoiz baino indartsuagoak direla aldarrikatzeko.

Bueltan da Oxabi. Bueltan dira festa jator eta koloretsuak. Bueltan dira euskal taldeen kantu ezagunenak. Bueltan da mundu mailako pandemiarik gogorrenak ere gelditu ezin izan duena: euskal parrandarako gogoa!

Horrela ba, gorde ondo Oxabirekin dituzun hitzordu hauek:

  • Abenduak 3, ostirala, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean.
    Gonbidapenak azaroaren 23tik aurrera izango dira eskuragai Galdakaoko Udalaren webgunean.
  • Abenduak 11, larunbata, Gernikako Astran.
    Sarrerak Astran bertan, astelehenetik ostiralera 16:30-20:30 bitarte. Eta hemen klik eginda.
  • Abenduak 18, larunbata, Bilboko Hika Ateneon.
    Sarrera guztiak arratsalde bakarreran agortu ziren.

Bertan elkartuko garelakoan,

Laster arte, lagunok!

Oxabik bat egingo du Greba Digitalarekin

Ikusi gaitzazuen desagertuko gara,
entzun gaitzazuen isilduko gara

Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi deia egin zitzaigun, Sare Sozialen bidez, apirilaren 21 eta 22an Greba Digitala egin dezagun, eta Oxabik bat egingo du deialdiarekin, bere atxikimendua www.kulturgintzan.eus helbidean adierazita.

Sortzaile, antolatzaile eta bitartekari —herri-mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu/industria—, hezitzaile —hezkuntza arautuan, ez-arautuan, familian/etxe-giroan—, kulturazale, komunikabide eta herrikideei egin zaie deia. Zelan ez, multzo horretan musikak eta musika taldeek leku nabarmena ere badute.

Horregatik, Oxabik ere apirilaren 21 eta 22an ez du eduki digitalik sortuko, hau da, gure Sare Sozialetan ez duzue gure berririk izango egunotan. Ostegunetik, 23tik, aurrera ikusiko dugu berriz elkar!

Modu honetan, oxabitarrok gure ekarpentxoa egin gura diegu Greba Digitalaren helburuei. Hauexek dira ekimenaren adierazpenetik bere horretan ekarritako hiru helburuak:

1.— Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea

Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen…

2.— Premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea

COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea.

3.— Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea

Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa… bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei…

Greba Digitala karratu