Biografia

2006. urtean sortu zen Oxabi taldea, Jon Eguskiza, Aritz Uriarte, Urtzi Enrikez, Asier Balentzia eta Jon Gomez musikari eta lagun galdakoztarrek, herrian eta inguruetako jai-giroan erromeri euskaldun eta gazte bat falta zenaren ardura zutelako.

2009. urtean, Galdakaoko Gazte Eguneko abesti ofiziala sortu zuten Arkaitz Estiballes bertsolariaren hitzekin eta Mallorkan bira bat eskaini zuten.

2011n, bost urte Euskal Herri osotik kontzertuak eta kale animazioak eskaintzen ibili ostean, Oxabi  taldea bueltan zen agertokietako formatu handiago eta berriarekin. Orduan, Jon Eguskizak trikian eta Jon Gomezek ahotsean jarraituta, Mikel Urrutia (bateria), Markel Arevalo (baxua), John Learreta (gitarra), Gaizka Jimenez (tronpeta) eta Eneko Arraibi (saxofoia) musikariak gehitu zitzaizkien.

Gainera, ohore ezin handiagoa izan zuen taldeak, geroztik ehun kontzertutik gora eskaintzeaz gain, San Mames Barria zelaiaren erdigunean jotzen lehenengo taldea izan baita (Athleticen Kopako Finalean eta Gure Esku Dagoren ekitaldian eskaini zituzten kontzertuak), eta Doctor Deseo, Gatibu, Enkore, Itziarren Semeak… eta beste hainbat taldeko lagunekin batera kontzertua eskaini zuen Bilboko Areatzan.

2018an berriz, oihartzun handiko elkartasun kontzertu berezia antolatu eta eskaini zuen Oxabi taldeak Gernikako «Gu be zuek gara» jaialdian, minbizia duten haurren alde eta La Cuadri del Hospi elkartearentzako. Bertan, Oxabik anfitrioi lanak egin bazituen ere, oholtzan taldearekin batera aritu ziren Gatibuko Alex eta Haimar, Hesianeko Zuriñe eta Fran, Gozategiko Iñigo eta Asier, Enkoreko Xabihoo, Revoltako Iker Villa, Txapelpunkeko Iñigito, ETSko Iñigo, Betagarriko Iñaki, Vendettako Pello Reparaz… eta askoz gehiago!

2019an kanta eta bideoklip berria kaleratu zuen taldeak: «Espero dena». Egin klik izenburuaren gainean abestia ikusi, entzun, irakurri edota deskargatzeko!

2020a isilik eman du taldeak, denok ezagutzen dugun egoera batek behartuta…

2021ean hiru kontzertu eskainiko ditu Oxabik abenduan Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, Gernikako Astran eta Bilboko Hika Ateneoan…

2022an inoizko arrazoi handienekin betiko saltsara bueltatzeko indarrez etorri da taldea! Eta ez edozelan gainera, Oxabi familiara kide berriak gehituta: Gontzal Carrasco trikitixan, Xabi Bengoa gitarran, Jurgi Iraola tronboian eta Jonmi Garcia baterian!