Oxabik bat egingo du Greba Digitalarekin

Ikusi gaitzazuen desagertuko gara,
entzun gaitzazuen isilduko gara

Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi deia egin zitzaigun, Sare Sozialen bidez, apirilaren 21 eta 22an Greba Digitala egin dezagun, eta Oxabik bat egingo du deialdiarekin, bere atxikimendua www.kulturgintzan.eus helbidean adierazita.

Sortzaile, antolatzaile eta bitartekari —herri-mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu/industria—, hezitzaile —hezkuntza arautuan, ez-arautuan, familian/etxe-giroan—, kulturazale, komunikabide eta herrikideei egin zaie deia. Zelan ez, multzo horretan musikak eta musika taldeek leku nabarmena ere badute.

Horregatik, Oxabik ere apirilaren 21 eta 22an ez du eduki digitalik sortuko, hau da, gure Sare Sozialetan ez duzue gure berririk izango egunotan. Ostegunetik, 23tik, aurrera ikusiko dugu berriz elkar!

Modu honetan, oxabitarrok gure ekarpentxoa egin gura diegu Greba Digitalaren helburuei. Hauexek dira ekimenaren adierazpenetik bere horretan ekarritako hiru helburuak:

1.— Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea

Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen…

2.— Premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea

COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea.

3.— Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea

Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa… bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei…

Greba Digitala karratu