Inoiz baino koloretsuago gatoz!

Captura de pantalla 2020-01-19 a las 19.33.18-min

Oholtzak zapaltzen eta Euskal Herri osoko plazak astintzen 10 urte baino gehiago energiaz beteta eta publikoa kantuan eta dantzan jartzen ibili ostean, inoiz baino koloretsuago gatoz 2020an, oholtzari alaitasun eta aniztasuna eskainiko dion itxura zein errepertorio berria landuta!

Gazteak diskoteketatik atera eta parranda herriko plazan edo txosnagunean dagoela erakutsi gura dugu beste urte batez, hemengo zein hango abestiak abestuta baina beti giro jator eta euskaldunetik abiatuta. Asko gozatzen dugu kontzertu bakoitzean agertoki gainean eta hori da talde honen esentzia, hori gabe nekez kutsatuko direlako herriko jaien poztasunak.

Aurten ere ez dizuegu hutsik egin nahi. Horren lekuko izan nahi?

Jarraitu Oxabi Instagramen, Facebooken, Twitterren, YouTuben edo hemendik bertatik, eta ez galdu aurtengo jairik onenak, laster hasiko gara eta lehenengo datak argitaratzen!

Hemen da gure bideoklipa!

Maiatzaren amaieran hemendik eta gure sare sozialetatik kontatu genizuen bezala, abesti berria kaleratu genuen oxabitarrok, «Espero dena», zeinekin positibotasunaren aldarrikapena egin eta gazteria irribarre egitera gonbidatzen genuen.

Bada, orain, abestiak kalean hilabete egin duenean, pozik eta harro kaleratu dugu ABESTIAREN BIDEOKLIPA!!! Arriguriko lagunekin grabatu genuen, Gernikan, eta hainbat zale eta senideren laguntza izan genuen bideoklipa grabatzeko. Gustuko duzue?

Ikusi, entzun eta partekatu nahi beste! Baina bereziki, gogoratu: «Irribarre egitea hortzak erakusteko modua daaaa!» =)

«Espero dena» kaleratu dugu!

Hamahiru urte plazarik plaza gure inguruko kantu eta dantzarik ezagunenak jo eta kantatzen ibili ostean, gure kantu propioarekin ausartu gara orain eta «Espero dena» abestia kaleratu berri dugu.

Taldea 2006tik dabil Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ehunka plaza alaitzen; dantzan eta kantuan egitekoak edo, beste barik bada ere, gorputzari pozaldi uneak eskaintzeko abestiak interpretatzen. Baina hamahiru urteko ibilbide luze horretan, oraindik gazte-gaztea den taldeak beti jo eta kantatu izan ditu besteen lanak, noski, horretan oinarritzen direlako erromeria taldeak.

Ordea, orain pausu berri bat eman eta abesti propio berriarekin frogatu gura izan dugu, jendarteari —eta bereziki gazteriari— alaitasuna, positibismoa eta norbere buruan sinisteko indarra eskaintzeko asmoz.

Komunikabideak piztea baino ez dago munduan egunero gertatzen diren ezbeharrez ohartzeko, eta horrek gazteengan ere eragin zuzena duela uste dugu: «Izan albiste txarrak direlako, zure ingurukoek zugandik espero dutena ez zarelako edo Sare Sozialen bitartez gure buruari exijitzen diogun irudiaren exijentzia-maila altua delako, oso tarte gutxi geratzen zaigu bakoitza den horretaz gozatzeko».

Beraz, taldeak guzti horrekin amaitu eta euskal gizarteari positibismoaren aldarrikapen irmoa eskaini gura dio «Espero dena» kantu berriaren bitartez.

 

Letra irakurri, bideoklipa ikusi eta abestia bera deskargatzeko, egin klik hemen.