Ikasten? Badugu zuretzako mezua!

Azken azterketak egiten ari zarete ikasle asko, batxilergoa izan, selektibitatea zein unibertsitatean. Den-denei gure animorik eta zorterik onena opa dizuegu!

Guk, bien bitartean, ekainari ere Erandion eman diogu ondo etorria. Eta honen atzetik etorriko zaizkigu oxabitar beste kontzertu! Begiratu bestela gure Agenda! Eta data gehiago bidean dira!

Hala ere, jaietako kontzertuak ikusita, askok agian pentsatuko duzue: «Orain ikasten nabil, ezin dut parrandan joan…». Lasai! Ezezko hori gainditzeko ere badugulako aitzakia. Medikuek erromerian irtetzea osasunerako sanoa dela frogatu dute. Eta ez gara txantxetan ari: erromerietan kantatu eta dantzatu egiten dugu, ezta? Bada, begira zer erakutsi duen zientziak! Segi irakurtzen!

Kantatzeak endorfinak sortzen laguntzen du, eta hormona mota hau da ongizatea eta zoriontasuna areagotzen duena. Gainera, publikoki abesteak pertsonen arteko loturak indartzen ditu, estresaren etsairik nagusiena da eta bihotzaren osasunari mesede egiten dio. Are gehiago, ariketa aerobikoa praktikatzen ari gara abestu eta dantzatu egiten dugunean. Horrela, estresa murriztuta eta bihotza laguntzen ari garela kontuan hartuta, bihotzekoak saihestu eta minbizia izateko probabilitateak jaisten dira.

Beraz, guzti hau jakinda, zelan ez etorri gure erromerietara? Ez bada parranda egin nahi duzulako, egin behintzat zure osasunagatik! Eskertuko duzu eta!

Eta orain, ikasten ari zarela, kontatuko diezu gurasoei Oxabi erromeria ikusten joan behar duzula? Azterketak prestatzen ari bazara ere, emaiozu atsedenaldi bat gorputzari eta etorri gurekin kantuan!

34135104_633376946997342_3688033149436035072_o

Oxabi Ibilaldian eta Gaztean!

33683611_10155850390409514_8222966130893914112_o

Maiatza amaitzeko, eta ekaina «mugituari» hasiera eman baino lehen, udaberriko hilabete eder honi urteroko hitzordu garrantzitsu batekin eman genion amaiera: Ibilaldia!

Aurtengo edizioa Santurtzin ospatu zen maiatzaren 27an, eta Oxabitarrak ere, beste urte batez, bertan izan ginen inguruko denak dantzan eta kantuan jartzeko asmoz.

Izugarri gozatu genuen, eta plaza lepo gazte jarri zen gu hasi orduko.

Behin gazteak aipatuta, hementxe taldeko abeslariak, Jonek, kontzertuaren ostean Gaztea irratiko «Be positive» saiorako zuzenean eskainitako elkarrizketa. Ibilaldiko kontzertuaz, aurreko igandean minbizia duten haurren alde eskainitako elkartasun kontzertu bereziaz eta hemendik aurrerako kontzertuez aritu zen Jon Txurru DJ eta esatariarekin.

Entzun elkarrizketa osorik, hemen:

Gaztean aipatutako kontzertuak eta gehiago gertu-gertutik jarraitu gura badituzu, jarraitu Oxabi Sare Sozialetan edo ikusi gure Agenda!

 

Elkartasun kontzertu historikoa!

Musika talde bat sortzen duzunean, nekez imajinatuko duzu zenbat emozio sortuko dizkizun agertokira igotzeak.

Gure kasuan, erromeria izanda, inork ez liguke esango orain 12 urte Oxabik hainbeste emango zigunik, musikalki eta are gutxiago pertsonalki.

Irribarre ezin handiagoz esan dezakegu Oxabik plaza txiki eta handietan jo duela, ozta-ozta sartu garen agertokietan zein batetik bestera korrikaldi ederrak egiteko aukera ematen dizkizuten oholtzetan. Denek dute zerbait berezi, eta denek eskaintzen dizute zerbait berria, nondik ikasi.

San Mames zelaian bi aldiz izan gara milaka pertsonaren begiradapean jo eta kantuan, Gure Esku Dagoren ia urteroko amaiera-jaietan ere izan gara kontzertuak eskaintzen Durangoko Landakon hasi eta Bilboko Areatzan hainbat gonbidaturekin batera amaituta, zenbat jaialdi, Gaztetxe, Ibilaldia, Kilometroak… eta gure hizkuntza zein kulturaren aldeko zenbat jai txiki eta handitan izan garen. Ai ama! Ezin denak testura ekarri, baina denak doaz bizitzaren motxilatxora… Eta motxila handitzen doa kontzertuz kontzertu.

Baina zalantza gabe, eta aurretik eskainitako ehunka saioak gaitzetsi barik, kontzerturen batek gure motxilan leku nabarmena izango duenik bada, atzo Gernikan minbizia duten haurren alde eskaini genuen hori izango da.

Musikaren adierazpenik zoragarrienak batu gintuen atzo Gu be zuek gara lemapean, zeinetan Gatibu, Hesian, Vendetta, ETS, Gozategi, Betagarri, Txapelpunk eta beste hainbat taldeko musikarirekin batera elkartasun kontzertua eskaini genuen. Jarraituko dugu gure eskubideen, hizkuntzaren eta kulturaren alde elkartzen, baina ezingo genituzke horiek egin bizitza bera aldarrikatu gabe.

Horregatik, bizi dugun erritmo jasangaitz honetan etenalditxoa egin, bizitzaren lehentasunak zeintzuk diren gogoratu eta benetan merezi duten horiei babesa emateko batu ginen atzo: ospitalean edo etxean tratamenduaren zain dauden haur eta neska-mutil horiei gure aupadatxoa emateko. «Gu be zuek garelako», eta gu ere agian bihar, zuen lekuan egon gaitezkeelako. Doala beraz gure musurik handiena gaixotasun baten kontra borrokan ari diren heroi guztiei. Gure miresmen osoa duzue. Aurrera beti!

Elkartasunak egiten gaitu handi. Eta ezin begiak negar malkoz bustirik eskerrak eman gabe amaitu. ESKERRIK ASKO ERRALDOIA La Cuadri del Hospi elkarteko familia guztiei, atzoko jaiaren elkarte eta pertsona antolatzaileei, ekimen honen sortzaile izan eta Oxabiri elkartasun kontzertu berezi bat antolatzeko ardura (ohorea!) eskaini izanagatik. Mila esker oholtzara igo zineten lagun guzti-guztiei, ezkutuan jo ta su lanean aritu zineten teknikari, argazkilari eta laguntzaile guztiei… Eskerrik beroena gure talde osoari ere, noski, talderik gabe guzti hau gure azaletik bizitzea ezinezko izango genukelako. Eta nola ez, eskerrik asko Gernika olatu urdin bilakatu zenuten milaka pertsonei!

Bizitzaren aldeko borrokan ere, musika beti izango dugu gurekin. Ez ahantzi.